Momentuak
Txupinazoa
Sanferminak Uztailaren 6ko eguerdiko 12etako Txupinazoarekin batera hasten dira, udaletxeko balkoi nagusitik jaurtitzen den suziriarekin batera
Txupinazoa festen berri ematen duen suziria da, etenik gabeko 204 orduko jai-giroari hasiera ematen diona. Festen hasiera programako ekitaldirik enblematiko eta jendetsuenetako bat da.
Txupinazoa nahiko ekitaldi berria da. Lehenengoa 1941ean jaurti zen Joaquin Ilundain alkateordeak eta Jose Maria Salazar kazetariak hala proposatuta. Alabaina eta kronikek diotenez, Juan Etxepare izeneko Kale Nagusiko tabako-saltzailea izan zen Iruñeko Udalaren baimena eskatu eta eskuratu zuen lehenengoa, 1931ko uztailaren 6an eguerdiko hamabietan kalean eta gaztez inguratuta suziriak botatzeko.
Gaur egun, 12.500 pertsona baino gehiago biltzen dira Udaletxeko Plazan (2.502 metro koadroko azalera duena). Jaiei hasiera ematen dien hitzaldia entzun, suziriak eztanda egin arte itxaron eta… festara!
Nolakoa da?
Eguerdiko 12ak iritsi baino hiru minutu lehenago, metxa pizteaz arduratzen den pertsona balkoira ateratzen da udal mandatari batek eta suziria fabrikatzen duen Caballer pirotekniaren arduradunak lagunduta.
Zain dauden bitartean, neskek eta mutilek ‘San Fermin! San Fermin! San Fermin!’ oihukatzen dute eta zapi gorriak altxatzen dituzte, gero, behin festei hasiera emandakoan lepoan lotzeko.
Klarineroek unearen berri ematen dute eta, gaztelaniaz zein euskaraz egiten den agur tradizional elebidunaren ondoren, hautatutako pertsonak honakoa esaten du tradizioak agintzen duen moduan, jaurtitzen duen pertsonaren arabera zertxobait alda daitekeen arren:
‘Pamploneses, pamplonesas… ¡Viva San Fermín! ¡Gora San Fermin!’.
Plazako inguruetatik ere jarraitu daiteke festei hasiera ematen dien ekitaldia eta jende pilaketa gutxiagorekin, baita hiriko beste puntu batzuetatik ere udalak Sarasate Pasealekuan, Foruen Plazan eta Antoniutti Parkean jartzen dituen pantaila erraldoietan.
Prozesioa
Baliteke Uztailaren 7ko Prozesioa Sanferminetan gehien errotuta dagoen tradizioetako bat izatea. honek XII. Mendean du jatorria, garai hartan Pariseko Pedro zen Iruñeko apezpikua, Artaxoako Pedro gisa ere ezaguna.
Alkatea eta zinegotziak, bezperetan bezala galaz jantzita, udaletxetik katedralerantz ateratzen dira Kabildoarekin batzera, hari baitagokio Santuaren omenezko prozesioa gidatzea. Ondoren, San Lorenzo elizara joaten dira San Ferminen tailua jaso eta Iruñeko erdialdean barna ordu eta erdiz ibiltzen den prozesioari ekiteko.
Haiekin batera joaten dira erraldoi eta buruhandien konpartsa, klarineroak, mazolariak, txistulariak, dantzariak, tinbalariak, gremio historikoen ordezkariak, Pasioaren Hermandadea eta Mariaren Elkartea. La Pamplonesa udal musika bandak prozesioari amaiera ematen dio.
Prozesioko unerik hunkigarrienak ibilbidean egiten diren geldiuneak dira. Horiei ‘unetxoak’ deritze, eta bereziki santua omentzeko erabiltzen diren geldiuneak izaten dira.
San Lorenzo elizara itzulitakoan, artzapezpikuak meza ematen du, eta ondoren Korporazioak Kabildoari katedralera laguntzen dio berriro. Han erraldoiek Katedraleko atalondoan dantza egiten dute txistu eta gaiten doinuari jarraiki, kanpaiek, klarinek eta La Pamplonesak jotzen duten bitartean. Nabarmentzekoak dira 1584an egin zen Maria kanpaiaren soinua eta haren 12.000 kiloak, 1584an egina eta Espainiako bigarren kanpairik handiena dena.
Korporazioa udaletxera bueltatzen da ‘Damaskoko Ezustekoaren’ doinuan eta dantzariak Udaletxeko Plazan dantzatuz egiten dute agurra.
Gaixoa ni
Sanferminak ofizialki Uztailaren 14an bukatzen dira gaueko 12etan ‘Gaixoa ni’ ekitaldiarekin, bertan Udaletxeko plazan elkartzen diren pertsonek agur esaten diete festei hurrengo urtera arte kandeala eta abesti artean.
“Gaixoa ni” erabateko agurra da, baina egun osoan zehar bestelako agurrak ere egiten dira: 14an goizeko azken entzierroa izaten da, erraldoien eta buruhandien agurra eguerdian eta azken zezenketa arratsaldean.
Zapi gorria oraindik lepoan eta kandela piztu bat eskuan, ehunka pertsona udaletxeko fatxada argiztatuaren aurrean biltzen dira Santuari eta festei agur esateko.
Udaletxeko balkoitik, alkateak Sanferminen amaiera ofiziala iragartzen du eta datorren urteko festak hasteko ‘Gutxiago falta dela’ adierazten du.
Unerik hunkigarrienetako bat bertan dauden pertsona guztiek, gaueko 12etan, zapia kendu eta haren muturrak bi eskuekin eutsita goratzen dutenean iristen da. Denek batera “Gaixoa ni” abesten dute, honela dio:
“Pobre de mí, pobre de mí, que se han acabado las fiestas de San Fermín”
Jarraian Sanferminetako hainbat abestiri egiten zaie leku, horien artean ‘Gutxiago falta da’ kantua. Sanferminak ofizialki bukatu dira.
Udaletxeko Plazaz gainera, agur ekitaldi hau Gaztelu Enparantzatik ere jarrai daiteke ‘Gaixoa ni’ agertzen duen pantaila erraldoi bati esker. Peñek leku hori aukeratu ohi dute San Fermini agur esateko. Alderantzizko prozesio batean, Gaixoa ni agurraren ondoren, iruindar ugari eta bisitari ugarik San Lorenzoko Elizaren hesirantz jotzen dute, eta bertan haien kandela eta zapiak uzten dituzte omenaldi eta agur zeremonia gisa.