Nor izan zen San Fermin

Uztailaren 6tik 14ra, Iruña zuri-gorriz janzten da San Fermini eskainitako 9 jai egun ospatzeko. 1657. urteaz geroztik san fermin Nafarroako patroia da San Francisco Javierrekin batera.

Kondairak dioenez, Pompaelo hiri erromatarreko –gaur egungo Iruñea– Firmus senatariaren semea zen Fermin. Firmusek Honesto presbitorearen esku utzi zuen bere semearen heziketa eta honek familia osoa kristautasunera bihurtu zuen. Fermin Galiara abiatu zen ebanjelizatzera eta 24 urte zituela Toulouseko (Frantzia) apezpiku sagaratu zuten.

Akitania, Auvernia, Anjou eta Amiensen barna ibili zen eta mirariak egin zituen: itsu bati ikusmena bueltatu zion, legenarra eta paralisia sendatu zituen eta aztikeria erabili zuen. Sebastian izeneko gobernatzaile erromatarrak, Jupiter eta Merkuriorenganako kultua berreskuratzeko asmoz, Fermin kartzelaratzeko agindu zuen eta azkenean irailaren 25ean sable batekin lepoa moztu zioten. Martirio hori oroitzeko, iruindarrek zapi gorria lepoan lotuta eramaten dute jaiek irauten duten bitartean.

Prozesioa
Prozesioa
San Lorenzo eliza
San Lorenzo eliza

Kondairaren arabera, San Ferminen gorpuzkinak Amienseko Katedralean daude eta ez zen santu hau Iruñean gurtzen XII. mendera arte. Done Jakue bidean, Amiensetik zetozen erromesek haien hirian Iruñeko santu bat gurtzen zenaren berria ekarri zuten. Zenbait erlikia Iruñera iritsi ziren. Ezagunenak Pariseko Pedro apezpikuak ekarri zituenak dira eta gaur egun Iruñeko Katedralean eta San Lorenzo Elizaren Santuaren irudian gordetzen dira.

Festaren jatorria

1.000 urteko historia duen festa

San Fermin Amiensen sartu zela oroitzeko, Erdi Aroan jada, Santuaren omenezko elizkizunak eta hiriko pertsona txiroentzako bazkari jendetsu bat ospatzen ziren urriaren 10ean. Gutxinaka-gutxinaka Santuaren prozesioari komediak, musika, juglareak, danborrak eta dantzak gehitzen joan zitzaizkion. Eta XVI. mendean gaur egun ezagutzen ditugun festak ospatzen hasi ziren.

1591n Udalak, udazkeneko eguraldi txarra zela eta, ospakizunak uztailaren 7ra aldatu zituen, erosle eta merkatari ugari biltzen zituen azoka frankoarekin batera antolatu zitezen, eta horrela, zezenketak ospakizunen parte bihurtu ziren.

Prozesioa 1924
Prozesioa 1924
Entzierroa 1924
Entzierroa 1924

XX. mendean, komunikabideen, garraioaren eta turismoaren garapenaren eraginez, festez gozatzeko asmoa zuen jendetza Iruñera etortzen hasi zen. 1954an Literaturako Nobel Saria irabazi zuen Ernest Hemingway idazle iparramerikarrak unibertsalizazio prozesu hori nabarmen bultzatu zuen, 1924an Sanferminetan girotutako ‘The sun also rises’ (‘Fiesta. Eguzkia jaikitzen da’) eleberria idatzi baitzuen.

Harrezkero nazioartean ezaguna den festa honek etengabe egin du gora, eta urruneko bazterretako jendea erakartzen jarraitu du, festari buru duten usteekin liluratuta etortzen dira eta gure hirian bizi dituzten une pentsaezinekin maiteminduta alde egiten dute bertatik.

Zuri-gorriz

Kondairak dioenez, santuari lepoa moztu zioten eta horregatik zapi gorri bat lotu ohi da lepoan bederatzi jaiegunetan.

Sanferminetan Iruñeko jantzia eramatea da ohikoena; alegia, alkandora eta galtza zein gona zuria eta jaietako zapi eta gerriko gorriak. Festetan, ia jende guztia joaten da ‘uniforme’ hori soinean duela, eta irudi zuri-gorri ikusgarriak eratzen dira. Ez dakigu zehatz-mehatz zergatik aukeratu zen jantzi hori, ezta nork asmatu zuen ere; baina bistakoa da jende guztia jai giroan murgiltzea lortzen duela. Janzteko erraza denez, bertakoek zein kanpokoek eraman ohi dute eta jende uholde zuri-gorriak sortzen dira han-hemenka; Sanfermin jaietako bereizgarri diren koloreak.

Iruñeko ‘jantzi’ horren jatorria, ordea, ez dago oso argi. Hainbat teoria saiatu dira denboraren poderioz errotu den ohitura herritar hori azaltzen. La Veleta peñako bazkideak jo izan dituzte sortzailetzat. Jatorri apaleko jendeak sortu zuen lagunarte hori 1931. urtean; langileak ziren gehienak. Euren burua identifikatzeko eta beste elkarte batzuetatik bereizteko baliagarria zen uniforme gisako baten bila zebiltzanean aukeratu zuten.

Dantzak
Txupinazoa

Izan ere, arropa zuria nahiko erraza zen lortzen, eta gainera, arrazoizko prezioa zeukan zeinahi poltsikorentzat. Bestalde, ondo betetzen zuen bereizteko helburua ere, zuria oso kolore ikusgarria baita berez eta gorriarekin batera, are erakargarriago geratzen da. Ziur asko arrazoi horiek direla tarteko, janzkera hori festan parte hartzen zuten pertsona guztietara zabalduz joan zen.

Zapi gorria ezinbesteko da Sanferminetako giroan erabat murgiltzeko. Tradizioak dioenaren arabera, festei hasiera ematen dien txupinazoaren ostean lotu behar da zapia lepoan eta hantxe eduki behar da festak amaitzeko egiten den ‘Gaixoa ni’ ekitaldira arte.

Zapiaren esanahiari eta sinbolismoari buruz, ez dago adostasunik; hainbat bertsio daude. Tradizioaren arabera, zapiaren kolore gorria San Ferminen martirioaren oroigarria da, III. mendeko jazarpenetan Amiens hirian burua ebaki baitzioten. Gorriak, beraz, santuaren odola irudikatuko luke.

Hemingway

San Ferminen oroimeneko festak etxeko ospakizunak ziren, harik eta 1923an 24 Hemingway gaztea zela Iruñera etorri zen arte. Hiru urte geroago, bere lehen eleberri arrakastatsua argitaratu zuen: ‘The sun also rises’ (‘Fiesta: eguzkia jaikitzen da’). Obra horri esker, munduko hitzordu ospetsuenetako bat bihurtu ziren Sanferminak.

‘Fiesta: Eguzkia jaikitzen da’ idazlanak Frantzian eta Espainian noraezean dabilen estatubatuar eta britainiar talde baten istorioa kontatzen du, I. Mundu Gerraren osteko belaunaldi galduko kide batzuen istorioa. Lan honi esker Hemingway bere garaiko idazle nagusietako bat bihurtu zen. Eleberriaren arrakastaren ondorioz, 1957an Henry Kingek zinemara eraman zuen istorioa.

Ernest Hemingway (Illinois, 1899 – Idaho, 1961) 1923ko uztailaren 6an iritsi zen Iruñera, bere lehen emazte Hadley Richardsonekin batera. Berezkoa zuen izaera kartsu eta ausartari esker, edozein iruindar bezalaxe murgildu zen Sanferminetan: zezenen aurrean lasterka aritu zen, zezenketarien, Antonio Ordoñez esaterako eta herritarren lagun egin zen, Juanito Quintana, besteak beste, eta iruindarrekin batera jan, edan eta dantzatu zuen, Sanferminek sortzen duten poztasuna eta euforia haiekin partekatuz.

Amerikar idazlea hain liluratuta geratu zen Nafarroako hiriburuko tradizioekin, non hogeiko hamarkadan ia urtero etorri baitzen. Espainiako Gerra Zibilean Espainiako Errepublikaren alde modu aktiboan jardun eta Bigarren Mundu Gerraren etenaren ondoren, birritan itzuli zen gerora: 1953an eta 1959an, hain justu, guztira Sanferminen 9 edizioz gozatuz. Bi urteen arteko tarte horretan, Ernest Hemingwayk Pulitzer saria irabazi zuen (1953an, zehazki) eta urtebete geroago Literaturako Nobel saria ere bai.

Hemingway
Ernest Hemingway. Argazkilaria: Julio Ubiña
Ernest Hemingway. Argazkilaria: Julio Ubiña

Ajoarrieroaren errezeta suharki gorde zuen eta ohiturak atsegin zituen gizona zela erakutsi zuen, bere gustuko saltokietara itzultzen baitzen beti. Horietako batzuk irekita daude oraindik ere: Txoko taberna, La Perla Hotela, Café Iruña… Guztiak ere hiriaren bihotzean dagoen Gazteluko plazakoak eta bere gustukoen artean dago Yoldi Hotela ere.

Iruñeko Udalak omenaldia egin zion Ernest Hemingwayri 1968ko uztailaren 6an. Haren izena daraman pasealekuan, zezen plazaren alboan, monumentu bat inauguratu zuten, eta bertan izan zen Hemingwayren azken emaztea, Mary Welsh. Luis Sanguinok egindako monumentuaren oinarrian, hauxe dago idatzita: “Ernest Hemingwayrentzat, Literaturako Nobel sariduna, herri honen adiskidea eta bertako festen zalea, ezin hobeto ezagutu eta zabaltzen jakin zuena. Iruñeko Hiriak, Sanferminak, 1968”.

Festa jendeak azalduta

Jarraian COVID-19aren pandemian 2021ean grabatutako bideoen bilduma bat ikusi ahalko duzu. Bertan, hainbat pertsonak Sanferminak zer diren eta zer balio gorpuzten dituzten azaltzen dute eta gure hirian bizi daitekeen eta erabat azaldu ezin den horretara pixka bat gehiago hurbiltzen laguntzen dute.

Bideo bakoitza iruindarrok San Fermin eskailera deitzen dugunaren maila bati dagokio, kanta herrikoi batean oinarritutako tradizioa da, honela dioena:

“1 de enero, 2 de febrero, 3 de marzo, 4 de abril, 5 de mayo, 6 de junio, 7 de julio San Fermín. A Pamplona hemos de ir…”

Abestia atzera-kontaketa bat da eta agerian uzten du jaia bizi-bizirik dagoela Iruñean, ustaileko 9 eguneko ospakizunaz haratago.

Compartir